XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskarak bere tokia izango du Expolangues nazioarteko azokan

EUROPA PRESS. BILBO

Euskarak bere txokoa izango du hilaren 29tik otsailaren 2ra bitartean Parisen egingo den Expolangues nazioarteko azokan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jakinarazi duenez.

Aurreko ekitaldietan bezala Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua elkarrekin arituko dira toki hori prestatzen.

Euskararen mahaira hurbiltzen den edonork aukera izango du hizkuntza honen inguruko materiala ikusi eta informazioa izateko eta baita azken nobedadeei begiratu bat emateko ere.

Hizkuntza eta kulturei eskainitako azoka hau munduan egiten direnen artean garrantzitsuenetariko bat da eta aurten La Villete-ko La Grande Halle-n egingo da.

Azokarekin batera beste hainbat ekintza izango dira Parisen euskararen inguruan.

Batetik, Sorbonako Unibertsitateko Centre d'Etudes Catalanes-n, Espainiar Estatuko hizkuntza politikaz eztabaidatuko dute bilduko diren adituek.

Bertan Josune Ariztondo Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hartuko du parte, Nafarroa, Galizia eta Kataluniako ordezkariekin batera.

Inkestaren aurkezpena

Bestalde, otsailaren 1ean Euskal Herriko II. Inkesta Soziolinguistikoaren aurkezpena egingo da Pariseko Euskal Etxean.

Bertan Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Iparraldeko Euskal Kultur Eraundearen ordezkariak iango dira inkestako emaitzak azaltzeko.